Azken hilabetean, Sorkuntza Taldeak zuzendutako autokontsumo partekatuko beste 4 instalazio fotovoltaiko berri jarri dira martxan Nafarroako eta Gipuzkoako bina udalerritan; guztira, 181 kWp-ko potentzia instalatuarekin.
Energia-komunitateak eta berriztagarrien autokontsumora aldaketa hain premiazkoak diren garaiotan, bada esperantzarako argirik: azken hilabete honetan, 4 euskal udalerrik aurrerapauso sendoa eman baitute kontsumitu beharreko energia sortzeko eta herritarren artean banatzeko bidean. Tokian tokiko udaletxeekin elkarlanean, eta Goiener Taldearen laguntzarekin, komunitateen onurarako instalazio fotovoltaikoak egin dira Ultzaman, Zaldibian, Arantzan eta Orexan. Azpimarratzekoa da azken honen kasua, udalaz gain, parte-hartzaileen artean herritarrak eta bertako enpresak baitaude.
Goiener Taldeak eskerrak eman nahi dizkie 4 udalerri hauetako herritarrei, energia-burujabetzarako bidea elkarrekin lankidetzan egitea aukeratu dutelako. Era berean, gogoan izan Nafarkoop-eko 4. Ekarpen-Leihoa irekita dagoela, energia berriztagarriak sortu eta tokian-tokiko instalazio-proiektuak sustatzeko helburuz.