Erregai fosilen kontsumoa murriztu eta beste mugikortasun eredu bat lortzeko bidean, urrats handia eman dute aste honetan Lesakan eta Beran. Energia berriztagarriaren aldeko konpromezu sendoa erakutsiz, bi udalerri nafar hauek auto elektrikoak kargatzeko puntuak herritarren eskura jarri dituzte, Goiener Taldeko Nafarkoopen gidaritzapean. Berakoa, pilotalekuaren aurreko aparkalekuan dago kokatua; eta Lesakakoa, Mastegiko futbol-zelaiaren ondoan. Gogoan hartzea komeni da, Ultzamako kargalekua ere duela gutxi jarri dela martxan, hau ere, Nafarkoopen laguntzarekin.
Koldo Garcia Nafarkoop-Sorkuntzako kideak azaldu digunez, aurrerapauso handia da herri hauentzat, «auto partekatu elektrikoa ezartzeko lehen pausua karga-puntua instalatua egotea baita». Karga-puntu hauek, abantaila handiak ekarriko dizkie Bera eta Lesakako herritarrei, auto elektriko edo hibrido entxufagarri bat eskuratzeko aukera emango baitie etxean karga-puntua jarri gabe.
Nolakoak dira karga-puntuak?
Lesakako eta Berako instalazioen kasuan, puntu bakoitzean, bi ibilgailu aldi berean kargatzeko aukera izango da. Izan ere, bi hargune dituzte, bakoitzak gehienez trifasikoan 22kW eta monofasikoan 7kW emanez.
Garciak azaldu digunez, «karga puntuen artean egiten den sailkapena kontutan hartuz, karga erdi-azkarraren barruan sartzen da, hau da, ordu t’erdiko epean, bateriaren %80a kargatzeko gai da, beti ere bateriaren kapazitatearen arabera». Kargaleku hauek publikoak dira eta hasiera batean, 0,40 kwh/euroko prezioa finkatu da.
“Charge & Parking” aplikazioaren bidez
Auto elektrikoa kargatzeko puntu hauek edonork erabili ditzake, “Charge & Parking” aplikazioarekin. Lehenik, aplikazio instalatu eta autoaren datuak sartu behar dira. Aplikazio honek, komeni zaigun ordurako kargalekua erreserbatzeko aukera ere ematen du, eta behin han gaudenean, autoa entxufatu eta aplikaziotik kargari hasiera eman behar zaio. Bukatzerakoan, karga aplikaziotik gelditu behar da eta kontu korrontetik pasatzen da kostua.
Koldo Garciaren hitzetan, ”Charge & Parking” aplikazioa ekonomia kolaboratiboa bultzatzen duen plataforma da, kargatzeko puntuak partekatzeko aukera ematen duena».
Beste herrietara ere zabaltzeko moduko ekimena
Halako proiektuetan, Nafarkoopek, ingenieritza lanak, legeztapena eta bestelako kudeaketa guztiak egiten ditu, instalazioak erabat martxan jarri arte. Beste herrietara zabaldu daitezkeen proiektuak ote diren galdetuta, erantzuna baiezkoa dela dio Koldo Garciak. Bere hitzetan, «udalak Goienerrera hurbiltzen dira interesa erakutsiz, eta haiekin batera karga puntua kokatzeko lekurik aproposena bilatzen dugu bisita baten bidez. Ostean karga-puntua martxan jartzeko lan guztien aurrekontua pasatzen diegu giltza eskuan motako proiektu bat bezala.»
Azpimarratzekoa da, lan elektrikoak eta obra zibileko lanak egiteko tokian tokiko enpresa txikiak (elektrikariak eta obra zibileko enpresak) kontratatzen dituela Goienerrek, bertako ekonomia bultzatuz.