Iragan larunbatean, apirilak 30, 2022ko Nafarkoopeko Batzar Orokorra egin genuen Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Aurten, egoerak hala baimendu duenez, bertaratu ziren bazkideek modu presentzialean jarraitu bazuten ere, iaz bezala, Batzarreko azalpenak telematikoki jarraitzeko aukera ere eskaini genien.
Miren Olaetxea lehendakariarena izan zen ekitaldiari hasiera ematearen ardura, eta ondoren, Olatz Azurza moderatzaileak egin zituen gidari lanak, Batzarra jarraitzeko xehetasunak, bozka-sistema zein gai-ordena argitu zituen, eta baita galdera-erantzunetarako dinamikak argi azaldu ere.
Batzarreko puntua nagusiak bozkatzen hasi aurretik, Ainhoa Lanzek eta Xabier Loyartek (Sorkuntza Taldea) 2021eko Kudeaketa Memoria aurkeztu zuten, eta Jon Ruiz de Loizagak (Administrazio eta Finantza Taldea) xehetu zituen iazko ekitaldiko datu ekonomikoak eta emaitzak, baita aurtengorako aurrekontuak ere. 2022ko Kudeaketa Plana aurkezteaz Susana Cantero eta Alazne Arruti (Sorkuntza Taldea) arduratu ziren. Azkenik, Graxi Arregik eta Naroa Elortzak (Barne Prozesuak Taldea) Barne Araudiaren gaineko ekarpenak eta kontu-hartzaileen zerrenda berritzeari buruzkoak gaineratu zituzten.
Bozketen emaitzak
Azalpen tarte bakoitzaren ondoren, aurrez jasotako zein zuzenean egindako galderei erantzuteko tartea hartu zen. Zalantzak ondo argitu ondoren, Nafarkoopen Batzarreko puntu nagusien bozketari ekin zitzaion, telematikoki Demokratian bozka-sistema erabiliz eta bertaratu ziren zenbaitzuk paperean ere bozkatu zuten. Hauek dira, bozkatu eta onartu ziren puntuak:
1. 2021eko Kudeaketa Memoriaren onespena.
2. 2021eko ekitaldi ekonomikoko urteko kontuak onartzea eta ekitaldiko emaitza banatzeko proposamena.
3. 2021eko borondatezko ekarpenetarako %2ko interesa berrestea.
4. 2022ko Kudeaketa Plana eta 2022rako aurrekontua onartzea.
5. Proiektu berriak garatzeko 2 milioi inbertsio-politika onartzea.
6. 2022an borondatezko ekarpenetarako %2ko interesa onartzea.
7. Barne-araudia onartzea.
8. Kontu hartzaileak berritzea.
Emandako bozkak eta emaitzak esteka honetan egiaztatu daitezke.
Nafarkoop 2022: itxaropen onez beteriko urtea
Nafarkoopetik, eskerrik beroena helarazi nahi diegu gure bazkideei, emandako erantzunagatik eta baita Batzarrean izan zuten parte-hartzeagatik ere. Emaitza hauek babes eta indar handia ematen diote Goiener Taldeari orokorki, eta Nafarkoopi bereziki, helburuak finkatu, eskuartean ditugun proiektu berriei hauspoa eman eta elkarlanean urrutirago iristeko.