Iragan larunbatean ―apirilak 20― egin genuen Nafarkoop kooperatibako bazkideen 2024ko Ohiko Batzar Orokorra, Irurtzungo Kultur Etxean (Nafarroa Garaia). Aurten, aurrez aurre elkartzeari garrantzia berezia emanez, erabaki genuen batzarra telematikoki ez eskaintzea eta, eguraldi ederra lagun, Nafarkoopeko bazkideek gogotsu erantzun zioten urteroko hitzorduari.
Iazko ekitaldiaren balantzea egin eta aurtengo urterako proiektu zein aurrekontuak aurkeztu ostean, bazkideek gehiengo osoz onartu zituzten Kontseilu Errektoreak Batzarrari egindako proposamen guztiak. Esteka honetan kontsultatu daitezke larunbateko emaitzak.
Atzera begirakoa, aurrera egiteko
Miren Olaetxea Lehendakariaren izenean, Graxi Arregi langileak eman zion hasiera ekitaldiari, bertso eder batekin. Arregik aipamen berezia egin zien Goienerrek eskuartean dituen sorkuntza proiektuei, «kooperatiba horretarako jaio zela eta ametsa betetzeko bidean gero eta pauso sendoagoak ematen ari dela» adieraziz.
Jarraian, Ainhoa Lanz eta Jokin Castaños Nafarkoopeko kideak arduratu ziren 2023 ekitaldia laburtzeaz. Azpimarratu zuten egoera geopolitiko ezegonkorrak baldintzatu zuela iazko urtea; planetak jarraitzen duela abiadura bizian berotzen; eta, tamalez, ez dela nahikoa izan mundu-mailan energia berriztagarrien alde egindako apustua. Hala ere, aitortu zuten kooperatiba mailan urte ona izan dela, eskainitako zerbitzu eta abian jarritako sorkuntza-proiektuei dagokienez.
Segidan, Jon Ruiz Loizagak eta Josu Navedak (Administrazio eta Finantza Taldea) azaldu zituzten iazko ekitaldiko datu ekonomikoak eta emaitzak. Batzarra amaitu aurretik, aldiz, Graxi Arregik ekarri zituen bozkatzeko azken proposamenak: Estatutuen aldaketa, Barne Araudiaren eguneratzea eta Kontseilu Errektorea osatzeko hautagaien zerrenda.
Azalpen-zati bakoitzaren ondoren, bazkideen galderak erantzuteko tarte bana ireki genuen. Zalantzak ondo argitu ondoren, Nafarkoopen Batzarreko puntu nagusien bozketari ekin genion; batzuk telematikoki (Demokratian bozka-sistema erabilita), paperean besteek.
Nafarkoop 2024: «zerbitzuak eta proiektuak sendotzeko urtea»
Nafarkoop sorkuntza kooperatibaren izenean, biziki eskertu nahi ditugu gure bazkideak, larunbatean emandako erantzunagatik eta baita Batzarrean izan zuten parte-hartzeagatik ere. Emaitza hauek ezinbesteko akuilu eta babesa dira Goiener Taldearentzat orokorrean, eta Nafarkoopentzat bereziki, 2024. urterako sorkuntza-helburuak finkatu, eskuartean ditugun proiektu berriei hauspoa eman eta gure bazkideei zerbitzu gehiago (eta hobeak) emateko bidean.