Askorentzako atseden garaia izan ohi den arren, uda lanerako baliatu dugu Goiener kooperatiban, eta, azken hilabeteotan, Nafarkoop-Sorkuntza Taldeak zuzendutako autokontsumoko beste 3 instalazio fotovoltaiko berri jarri ditugu martxan Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait ikastetxetan. Guztira, ia 200 kWp-ko potentzia instalatuaz ari gara hizketan, hurrenez hurren, Galdakaon, Orion eta Lekeition egindako lanak kontuan hartuta.
Energia komunitateak sustatzea ezinbestekoa den garaiotan, aurrerapauso sendoa eman dute Orioko Herri Ikastolak eta Lekeitioko Azkue Natura Ikastolak (azken honen kasuan, parte hartzaileen artean daude herriko familiak ere). Galdakaoko Eguzkibegi Ikastola ere, autokontsumo instalazioari esker, kontsumituko duen energia sortzeko gauza izango da hemendik aurrera. Aurreikuspenen arabera, sorkuntza-proiektu hauek urteko ia 200.000 kwh sortuko dute eta 22 tona CO2 isurtzea ekidingo da, 3 instalazioak kontuan izanda.
Goiener Taldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu 3 udalerrietako ikastetxe hauei eta herritarrei, energia-burujabetzarako bidea elkarrekin lankidetzan egitea aukeratu dutelako.