Nafarkoopeko Estatutuetan artikulu hauek sartzea proposatzen da, organo sozial berriaren (hau da, Errekurtsoen Batzordearen) funtsezko alderdiak zehazten baitituzte. Batzorde horrek, bazkideen arau-hauste larri edo oso larriengatik erakundeak lehen auzialdian hartutako zigor-erabakiak berrikusteko eskumena du.
Organo hori 3 pertsona titularrek osatuko dute, eta kideak, soilik, eskubide osoko bazkideak izango dira, baldintza hauek betetzeaz gain: gutxienez, hiru urteko antzinatasuna izatea, esperientzia kooperatiboa eta estatutuetan eskatzen den egokitasuna betetzea. 3 urtekoa izango da agintaldia, nahiz eta Batzar Orokorrak berrautatu ahal izango dituen sekretupeko bozketa bidez.
Ezartzen dira akordioen eskumena, funtzionamendua eta eraginkortasuna ere.
Jarraian dituzu gehitu nahi diren artikuluak, Batzordeari erreferentzia zuzena egiten diotenak.
40. artikulua. Errekurtsoen Batzordearen osaera, agintaldia eta izendapena.
Bat. Bazkideen arau-hauste larri edo oso larriengatik erakundearen barruan lehen auzialdian hartutako zigor-erabakiak berrikusteko eskumena duen organoa da, beti ere, kaltetutako pertsonak hala eskatuta.
Errekurritu ahal izango dira diziplinakoak ez diren erabakiak ere, batzorde horretan, lege horrek edo estatutu sozialek horrela aurreikusten badute.
Bi. Organo hori osatuko dute, soilik, eskubide osoko bazkideek eta baldintza hauek beteta: gutxienez, hiru urteko antzinatasuna, esperientzia kooperatiboa eta estatutuetan eskatzen den egokitasuna betetzea.
Hiru. Errekurtsoen Batzordea osatuko dute 3 pertsona titularrek eta 2 ordezkok; eta horien agintaldia 3 urtekoa izango da. Berrautatu ahal izango ditu Batzar Orokorrak, sekretupeko bozketa bidez, eta inolako kargu sozialik ez duten eta kooperatibako soldatapeko langileak ez diren bazkideen artean.
41. artikulua. Eskumenak eta funtzionamendua.
Bat. Baliozkoak izango dira Errekurtsoen Batzordearen erabakiak, kideen erdiak baino gehiago biltzen direnean; ez da onartuko botoa delegatzea, eta gehiengoz hartuko dira erabakiak.
Bi. Diziplina-gaiei buruzko erabakiak hartzeko, bozketa sekretupekoa izango da beti, eta ez da kalitateko botorik izango.
Hiru. Batzordekideek ezingo dute parte hartu errekurtsoen tramitazioan zein ebazpenean, kaltetutako bazkidearekiko odolkidetasuna duten ahaideak, bigarren mailako ahaideak edo ezkontza-ahaideak diren kasuetan; ezta espedientea ireki zaion pertsonarekin harreman estua, mendekotasun-lotura edo etsaitasun nabarmena dutenek ere.
42. artikulua. Akordioen eraginkortasuna.
Bat. Errekurtsoen Batzordearen erabakiak, elkartearen borondatea islatuz, berehala betearaztekoak eta behin betikoak izango dira; aurkaratu edo inpugnatu ahal izango dira, Batzar Orokorrak hartu izan balitu bezala, beti ere, Kooperatiben Legean ezarritakoaren arabera.